EPISTEMOLOGÍA. TAREA 8
Nuklearrik? Ez, eskerrik asko! Zenbatetan entzun eta irakurri dut lelo hori nire haurtzaroan. Gure inguruan ez genuen horrelakorik nahi. Baina duela gutxira arte zentral nuklear batetik nahiko gertu bizi izan naiz, bere bizi iraupena aise gaindituta zuela itxi zuten arte. Lasaiago bizi gara orain. Chernobil edo Fukushimako istripu nuklearrak gogora ekartzea besterik ez dago, jarrera hori ulertu ahal izateko. Izan ere, zentral nuklearrek duten alderik negatiboena beraien segurtasuna da. Istripuak izateko probabilitatea oso txikia izanagatik, ez da nulua, eta hain ondorioak larrien aurrean, gizarteak ez ditu begi onez ikusten.
Energia iturriez hitz
egiten dugunean, halabeharrez klima aldaketan erreparatu behar dugu. Planetaren
berotzea geldiarazteko, besteak beste, CO2 gasaren emisioak murriztu
behar dira eta energia nuklearrak, petrolioa edo ikatzaren erreketak baino
askoz gutxiago igortzen du. Energia garbiagoa bai, baina, arriskua, handiegia.
Oreka topatzea zaila da, energia berriztagarriak mantso ari direlako zabaltzen.
Gainera, jada, munduan ehundaka dira martxan dauden zentralak eta ez du ematen
epe labur edo ertainera erabat desagertuko direnik. Ezinbestekoa da, beraz, ahalik
eta segurtasun altuena bermatzea. Gainkostu horrek, alabaina, zentralen
errentagarritasuna kolokan jartzen du.
Orduan, behar bezala
bermatzen da segurtasuna zentral nuklearretan? Union of Concerned Scientists
(UCS) ustez, Estatu Batuetan, behintzat, ez. Fukushimarena gertatu eta 5
urteetara Estatu Batuetan dauden zentral nuklearren segurtasun neurriak hobetu
ez izana, edo behintzat behar haina hobetu ez izana salatu du UCSek.
Beraien esanetan, Japonian izandako hondamendi nuklearra ez zen soilik
lurrikarak eta harek eragindako tsunamiaren ondorio izan; energia nuklearraren
industriak berak eta agente erregulatzaileek ere izan zuten eragina, “it was also the result of a complacent nuclear
power industry and an ineffective regulator”. Estatu Batuetako egoera antzekoa dela
azpimarratzen dute eta NRCk, U.S. Nuclear Regulatory Commission-ek , ez
duela lortu bere arau-esparrua indartzea.
Union of Concerned
Scientists 1969an sortu zuten
Massachusettseko Teknologia Institutuko zientzialari eta ikasle talde batek.
Beraien hitzetan argi azaltzen da nortzuk diren eta zein helburu duten:
“The Union of Concerned Scientists puts rigorous, independent science to
work to solve our planet’s most pressing problems. Joining with citizens across the country, we
combine technical analysis and effective advocacy to create innovative,
practical solutions for a healthy, safe, and sustainable future.”
Helburu horrekin energia nuklearraren
inguruko azterketa zientifiko sakona egin eta premiazko mezua helarazi diote
gizarteari:
Estatu Batuetako energia nuklearra ez da ahal bezain eta behar bezain segurua.
Artikuluan azaltzen dute Fukushimako istripu larriaren ondoren, AEBko
erreaktore nuklearren segurtasunaz arduratzen den NRCko goi mailako langile
talde batek 96 orrialdeko txostena egin zuela. Txosten horretan Fukushiman
izandako hondamendia Estatu Batuetan gerta ez dadin jarraitu beharreko pausuak zehazten
dira.
Bost urte geroago, langile
horien gomendio ia guztiak baztertu edo malgutu ditu NRCk. Egindako aldaketek segurtasun-hobekuntza
nabarmenik ekarriko duten zalantzak azaltzen ditu USCk eta NRCri gomendioak
berrikusi beharko lituzkeela eskatzen dio. Salaketa egiteaz gain, neurri batzuk
ere proposatzen ditu, besteak beste, larrialdiak planifikatzeko eremuaren
tamaina handitzea, egungo 10 miliako erradioak ez baitu islatzen Fukushiman
askatutako euri erradioaktibo arriskutsuaren benetako distantzia.
Scientists’ Warning taldekoak ere energia nuklearraren aferaz arduratu dira.
Webgunean azaltzen duten bezala, Scientists’ Warning Foundation, The Alliance of World Scientists (AWS)
lankidetzan diharduena, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, ikertzaile eta
zientzialari sare aktibista batek osatua. USCko zientzialariak bezala, energia
nuklear gutxiago eta berriztagarri gehiago ezartzearen aldekoak dira. Baina zentral
nuklear guztiak desagertu bitartean, segurtasuna bermatzea ezinbestekoa dela
azpimarratzen dute, bereziki itsasotik gertu dauden zentralak, klima aldaketaren
ondorioz arriskuak handiagoak baitira bertan.
Energia nuklearraz gain, beste
energia iturriak, klima aldaketa, garraiobideak, elikadura eta beste hainbat
gai jorratzen dituzte zientzialari talde aktibista horiek. Desinformazioaren
aurka egiten duten lana ere aipagarria da, izan ere, gizartean sortzen diren
eztabaida askoren atzean nahita edo jakinezagatik ematen diren informazio oker
asko dago eta horrek asko baldintzatzen du jendarteko iritzia.
Zientzia konprometitua bultzatzen dituzten ekimenek (aipaturiko biek eta beste batzuk, hala nola, Council for Responsible Genetics) norberarentzako eta gizartearentzako garrantzitsuak diren gaiak modu kritikoagoan begiratzeko aukera ematen digute eta, ondorioz, iritzi eta erabaki arduratsuagoak hartzeko bidea errazten digute. Zientziaren politika txarrak salatzen dituzte, bai erabilpenean, baita jatorrian oinarrituta ere eta gizartearen partehartzea bultzatzearekin batera, zientzia demokratikoago baten alde lan egiten dute.
Comentarios
Publicar un comentario