EPISTEMOLOGÍA. TAREA 7

HIRUGARREN KULTURA

Charles Percy Snow, fisikaria eta idazlea, izan zen lehen aldiz, 1963an, hirugarren kultura baten sorreraz hitz egin zuena. Kultura berri horrek, jada ezagunak ziren bi kulturen arteko komunikazio arazoak arinduko zituen: literatura eta zientziaren arteko komunikazioa, alegia. Horrela azaldu zuen "The Two Cultures" bere liburuaren bigarren zatian, "A Second Look", non bi kulturen arteko elkarrizketa faltagatik bere kezka berresten duen, bereziki horrek gizartean dakartzan arazoak kontuan hartuta. Snowren ustez, arriskutsua da inkomunikazioa mantentzea zientzia gizartearen aurrerapenaren giltza den garaian, eta, besteak beste, irakaskuntzan jartzen du arreta, aldaketa sakonak egitea beharrezkoa dela adieraziz.

Hurbiltzen ari den hirugarren kultura baten existentzia aipatzen duenean, historia soziala, gizarte zientziak, psikologia, ekonomia, medikuntza, arkitektura eta, oro har, gizakiaren benetako bizimoduan interesa agertzen duten diziplinetatik datozen intelektualek osatzen dutela dio. Hirugarren espazio hori finkatu ondoren, konfiantza zuen orduan, kultura zientifikoarekiko harremana eta elkarrizketa lortuko zirela. Izan ere, bere ustez, iraultza zientifikoa mundu osoan zabaltzea izango da gizateriaren zati handi batek pairatzen duen sufrimendu izugarriaren konponbidea.

Bestalde, John Brockmanek hirugarren kulturaren ideia XX mendearen 90kadan berreskuratu zuen, baina beste adiera bat eman zion. Dibulgazio zientifikoko lanetan espezializatutako argitalpen-agente honen esanetan, hirugarren kultura hori jada existitzen zen aurreko hamarkadak geroztik eta intelektual tradizionalaren lekua hartzen ari zen. Planteatzen duena da jendartearekin zuzenean komunikatzen diren zientzialari eta pentsalari enpirikoek, beren argitalpenen bidez, letretako intelektualen lekua hartu dutela eta hirugarren kulturaren papera hartu dutela beren gain. Zientzialariek jada ez dituztela bitartekaririk behar eta beren hausnarketarik sakonenak irakurle argientzat modu ulergarrian helarazteko bidea hasita dagoela.

Brockmanek, Snowk bezala, zientziaren lorpenetan ikusten du gizartearen ongizaterako tresna, baina ez du elkarrizketa gisa aztertzen, ordezkapen gisa baizik. Intelektual berriek konplexutasunaren eta eboluzioaren garrantzia ulertu eta gizarteak hartu beharreko bidea markatuko dutenak dira. Egoera berri horretan, zientzialariak, tradizionalki publikoarekin harreman handirik izan ez zutenak, ezagunak izatera pasatzen dira, lehen idazleak edo artistak ziren bezala.

Snowrentzat, azken finean, zientzialari eta humanisten arteko komunikazioa ezartzea da garrantzitsuena, denbora luzeegian bizkarra eman dioten espezialisten arteko elkarrizketa sustatzea, giza egoera hobetzeko azken helburuarekin. Brockmanek, ordea, helburu hori ez du ia aipatu ere egiten. Kultura guztiak ustez bere baitan har ditzakeen intelektual mota berri bat sustatzea dela garrantzitsuena azpimarratu eta hautu argia egiten du: hirugarren kulturako pentsalariak zientziari buruz idazten duten zientzialariak izan behar dira.

Comentarios

Entradas populares de este blog

¿FE CIEGA EN LA TECNOLOGÍA?

SER BUENOS ANCESTROS