EPISTEMOLOGÍA. TAREA 3

Lagun on batek gaixotasun hereditario arraro batekin jaiotako bi seme-alaba izan zituen duela 12 eta 10 urte. Eta atzo eman zidan bere hirugarren alabaren jaiotzaren berri. 10 urte pasa behar izan dira, baina azkenean, ume osasuntsu bat izan du. Horretarako, sindromearen erantzule diren geneak identifikatu behar izan dira eta gaixotasun hori izango ez duen enbrioiari bidea eman.

Hori da gaur egun kasurik ohikoenetako bat genetikaren arloko aurrerapenak osasun-protokoloetan nola gauzatzen diren ikusteko. Eta horren inguruan, besteak beste, mintzatzen da Elliott Sober "kausalitate genetikoaren esanahia" izenburupean idatzitako “Genetika eta Justizia“ liburuaren eranskinean. Bertan, gure ezaugarrietan eragina duten geneak zeintzuk diren ezagutzeak izan ditzakeen onurak aipatzen ditu. Gaixotasun hereditario bat izateko arriskua identifikatzea, adibidez, eta gurasoetatik seme-alabetara transmititzen diren zenbait gaixotasunen maiztasuna murriztea, ondorioz.

Herentzia genetikoaren adibide bat da hori. Baina geneak herentzia genetiko hutsa direla pentsatzen du askok, eta ingurunearen eragina alde batera uzten da; horrek, azkenean, gaiaren irudi oso murriztua eta askotan okerra ematen du. Hori azpimarratzen saiatzen da Sober bere artikuluan, kausalitate genetikoaz gain ingurumen-kausalitatea ere existitzen dela eta horiek bereiztea garrantzitsua dela. Izan ere, gaixotasun batzuk, fenilcetonuria sindromea jartzen du Soberrek adibide gisa, inguruneak baldintzatuta azaltzen dira eta kasu horietan, konponbidea ingurune hori aldatzean datza.

Osasunaren inguruan erabakiak hartzeko garaian guzti horren jakitun izatea ezinbestekoa da sendatze bideak topatzeko eta sortu daitezkeen polemiken aurrean ahalik eta azkarren irteteko. Ematen diren aurrerapausoak, lorpenak, ziurgabetasunak, guzti hori ez da zientzialarien artean geratu behar, administrazio publikoetan erabakiak hartzen dituztenengana eta oro har gizarte osora ere iritsi behar da. Ate joka dugu edizio genetikoa ahalbidetzen duen CRISPR teknika eta prest egon beharko ginateke horren aurrean iritzi eta jarrera egokiak izateko.

Duela urte batzuk enbrioien zelula amen inguruan polemika handia sortu zen eta ikerketa asko moteldu egin ziren diru-laguntzak kendu zizkietelako. Zelula amak hobeto ulertu eta haren aurrean iritzi sendoago bat izateko aukera egon zen. Urrats horiek guztiak, baieztatuak izan ondoren, gizartean zabaldu behar dira, oinarrizko maila batean behintzat, edozein lege-aldaketa edo berrikuntza mediko ulertu, onartu eta bultzatu dadin.

Antzeko zerbait gertatzen da energia nuklearra edota elikagai transgenikoen kasuan. Europan, transgenikoen kontrako kanpaina asko burutu dira, gehienak talde ekologistak buru direla, eta horrek legedia asko zorroztea ekarri du. Ondorioz, Europa oso atzeratuta dabil alor horretan, transgenikoen inguruan beldurraren mezua zabaldu delako, atzean dagoen zientzia eta ebidentziak nabarmendu beharrean. Gizarteak, funtsean zeri buruz ari den ondo jakin gabe ere, ez ditu elikagai horiek nahi.

Eta hor, erabaki dogmatikoekin egiten dugu topo. Gure ideiekin bat egiten dutenek esaten dutena zalantzarik gabe onartzea arriskutsua da. Gure buruari galderak egin behar dizkiogu, kritikoak izan. Eta horretarako, informazioa behar dugu. Ez aditu batek duen informazio guztia, baina bai oinarrizko kontzeptuen inguruko informazioa. Sober irakurrita, hori etorri zait burura. Genetikaren ingurukoak irakurrita gizartean bolo-bolo ibili diren gai batzuen inguruan iritzi sendoagoa izateko aukera eman dit.

Beste adibide bat aurkitzeko, ez da beharrezkoa aspaldiko gaietara jotzea, mahai gainean dugu txertoen afera, egunero informazio berria jasoaz. Alde batetik, txertoa iristen denean jarri ala ez galdezka edo zalantzan dabiltzanen artean, zein mesedegarria litzatekeen txertoen inguruko ezagutza minimo bat izatea. Zalantzak alde batera utziko genituzke eta gizarte bezala erabaki arduratsuagoak hartuko genituzke. Tamalez, ez da horrela gertatzen ari.

Bestetik, hortxe dugu egunotan Pfizer txertoaren inguruko polemika, gure DNA aldatuko duelako gezurra bazterrak gehiago nahastuz. Ez nabil eskatzen gizarte osoak Soberrek idatzitako tankerako artikulu mamitsuak irakurri behar dituenik, baina bai hain funtsezkoak diren gaietan informazio edo formakuntza minimo bat jaso behar duela, helarazi behar zaiola.

Gaixotasun hereditario arrarorik gabe jaio den umetxo berriari ongietorria eman nahi diot, osasunaren aldetik gero eta seguruagoa den mundu honetara. Oraindik ere, bai genetikan, baita beste hainbat alorretan ere, zientziak bide luzea du aurretik eta erabaki berriak hartzeko argudio berriak eskainiko dizkigu. Gizartea ezin da bide horretatik kanpo geratu. Bidelagun izan behar da. Zientziak ekarriko dizkigun onura guztiak gizartearen mesederako izango bait dira.

Comentarios

Entradas populares de este blog

¿FE CIEGA EN LA TECNOLOGÍA?

SER BUENOS ANCESTROS