EPISTEMOLOGÍA. TAREA 2
2020ko urakan denboraldia Atlantikoan eta Karibean. Bi astean maila goreneko bi urakan Nikaraguako toki beretik sartu dira. Eragindako hondamendia, izugarria. Hildakoak, asko, larregi, baina, hala ere, gero eta gutxiago dira. Azken urte luzeetan urakanak aztertu, ulertu eta iragarpen nahiko onak egitea lortu da. Horri esker, gaur egun, aukera dago hildakoen kopurua asko txikitzeko. Ondorioak desberdinak dira herrialdearen arabera, baina urakanen inguruan dagoen ezagutza denen eskura dago eta horrek bizi asko salbatzen ditu. Eta hori, ezinbestean, zientziari esker lortu da.
Baina, urakanena adibide
txiki bat besterik ez da. Zientziari esker testu hau ordenagailuan idazten ari
naiz. Zientziari esker, testu hau zuk beste ordenagailu, tableta edo
mugikorrean irakurriko duzu. Zientziari esker ama izan naiz. Zientziari esker
nire aita eraman zuen gaixotasunak sendatze itxaropena du. Zientziari esker
2020ko pandemia ez da 1918koa bezain hilgarria. Zientziari esker…
Amaigabeko zerrenda
litzateke. Eta bai, zientziak ez du beti gauza bera esaten, batzuetan kontrakoa.
Baina ezagutzaren behin-behinekotasunaren irakurketa negatiboa egin beharrean, hau
da, ezin naiz zientziaz fida etengabe aldatzen ari delako pentsatu beharrean, irakurketa
positiboa egiten dut nik. Zientziak beti izango du galderak egiteko grina eta
erantzunak aurkitzeko beharra. Galdera baten erantzunak beste hainbat galdera
sortuko ditu. Eta niri konfiantza ematen dit jakiteak zientziak etengabe sortzen
diren arazoei irtenbideak bilatuko dizkiela, betiere ebidentzietan oinarrituta.
Eta horrek, konfiantza, segurtasuna ematen dit.
Ziurgabetasunak ziurgabetasun,
hori da ezagutzaren bidea. Bide zabala, gorabeheratsua eta bihurgunez josia.
Baina hori da zientziaren bidea, bizitzaren bidea. Erabaki onak libreki hartzea
ahalbidetzen duen bidea, edo behinik behin, erabakirik onenak; urakan baten
alertaren aurrean zer egin, gaixo gaudenean norengana joan edota txertoa jarri
bai ala ez.
Behin lagun batek esan
zidan, eta gerora askotan entzun behar izan dut, zientzia oso “hotza” dela. Gure inguruan gertatzen
diren gauzen arrazoiak jakiteak emoziorik eragiten ez duela eta “misterioa” kentzen diola bizitzari. Erabat
kontra nago. Eklipse bat ikusten dudanean emozionatu egiten naiz. Eta ez soilik
berez ederra delako. Zergatik gertatzen den, nola gertatzen den eta hurrengoa zehazki
noiz gertatuko den jakiteak emozioz betetzen nau. Ederra iruditzen zait. Zientzia
ederra da eta emozioz beteta dago. Betaurreko egokiekin begiratzea besterik ez
dago.
Ederra eta liluragarria. Liluragarria
nor garen, non bizi garen, zergatik edo besteren bat ote dagoen galdetzeko eta erantzuten
joateko gaitasuna garatzen jakin dugulako. Zientziaren eskutik iluntasuna argi
bihurtzen saiatu eta saiatzen garelako. Etengabeko borroka hori miresgarria iruditzen
zait, pazientzia eta pasio handiz egindako lan gogorra. Miresmena sentitzen dut
grabitatea edo erlatibitatea lehen aldiz imajinatu zuten horiengan, galdera
potoloak egin eta erantzun borobilak topatu zituztenengan. Baina, baita egunero
oinarrizko zientzian lan egin duten eta lanean ari diren guztiengan.
Aurkikuntza edo aurrerapauso handienak ez baitira pauso txiki horiek gabe posible.
Urakanak aurreikusteko
gai gara, baina orain galdera berriei erantzunak topatu behar zaizkie. Erantzun
horiek zientziak emango dizkigu. Nola ez dut ba zientzia maitatuko! Bere
osotasunean, bere gabezia eta ziurgabetasunekin, erantzun gabeko galdera
guztiekin. Eskaintzen digun esperantzagatik.
Comentarios
Publicar un comentario